XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aztertzeko gai asko Diputazioaren plenoan.

DONOSTIA (EGIN).

- Diputazioak azkeneko plenoan ia berrogeita hamar punto zituen aztergai.

Bileran izan zirenak San Martín lehendakaria, Azurtza, Ayestaran, Egia, Manzano, Odriozola eta Olaizola diputatuak, Ciprian de la Riva sekretarioa eta Mentxakatorre interbentorea.

Zegamako Telleria ez zen agertu, herriko hauteskunde munizipaletara presentatzen denez gero, zesatu egin duelako.

Jose Antonio Vivó Undabarrena diputaduaren heriotza ere aipatu zen, berau otsailaren 6an atentatuan hila bere herrian.

Gorporazioak, haren heriotzaren dolumina agertu ondoren, Gipuzkoako Urrezko Domina berari ematea erabaki zuen.

Ospitale Probintzialerako hamabost langile berri kontratatzea ere erabaki zen plenoan.

Eszendentziak eta borondatezko bajak izan ziren, bere garaian, hamabost lanpostu libre geratzearen kausak.

Sekretaritzak eta interbentzioak kontratazio berri horiek legearen kontrakoak zirela adierazi zuten, legea letraz letra interpretatzen bazan behintzat.

Santiago San Martinek, ordea, zera esan zuen, batzutan legea ez dela literalki interpretatu behar, razionalki baizik.

Eta areago kasu honetan, esan zuen, Ospitalean beharra zegoelako hain zuzen.

Hala ere, kontratazio hauek tenporalak izango direla esan zuen.

Bestalde, diruarena izan zen beste kapitulu garrantzizkoa.

Hogeita hemezortzi milioitik gora aprobatu ziren, zenbait herritako obrak egiteko.

Hezketa, Kirol eta Turismoko batzordeak presentatutako mozioak ere onartuak izan ziren.

Hauetako bat, udaletxeen laguntzarekin Gipuzkoako III Dantza Festibala antolatzea.

Irun eta Urretxuko udaletxeek, Osasun eta Hezkuntza Ministerientzat lurraldeak dohan uztea onartu zen.

Zesio hauek Eusko Kontseilu Nagusiaren bidez izan dira eginak eta ez lehenago bezala Barneko Ministeritzaren bidez.

Irunek 2.225 metro koadro zeditu ditu, haurtzaindegi bat egiteko; Urretxuk, berriz, 10.320 metro koadro Instituto de Enseñanza Mediako ikastetxea jasotzeko.